Kafe aleak 99
k&g
 Oier Guillan
Tom Waits - Alice                    Tom Waits   -   Alice demos
Anti-, 2002                                                           Pirata, auskalo noizkoa
bo




Balearen ahotsa oihanaren erdian


Aitor dut, friki hutsa naiz: Tom Waitsen diskografia osoa iruditzen zait zirraragarria. Hala ere, Alice aukeratu dut lerro hauetarako, bidelagun izan dudalako sarri hainbat lagunekin egindako antzezlanetan. Alice-k antzerkia du iturburu, hain zuzen ere: Waitsek Robert Wilsonekin 1992an egindako elkarlanaren emaitza da, Charles Dogsonek (edo Lewiss Carrolek, nahiago baduzue) neskatxekin zuen obsesioan oinarritzen dena. Blood Money apartarekin batera iritsi zitzaigun Alice 2002an, soinuen zirkua bor-borka.

Diskoan barneratu ahala baso iluna topatzen dut nik, eztarri bakar batean kabitzen den oihana. Baso honek ez du iratxoen beharrik magikoa izateko, magia ez delako denbora-pasa inozoa (ez badira iratxo mozkorrak bederen): nahikoa da zuhaitz oker, itsusi eta konkordunen hotsa entzutea, haien adarrak elkarrekin talka egiten, haizeak itotzen duen soinua sentitzeko. Doinu melodiko eta ederren eztenak nagusitzen diren disko honetan Kommienezuspadt izenekoa da niretzat harribitxia, oihaneko soinu guztien laburpena, Mikel Laboaren ahotsean amesten dudan kantua. Kapelaren azpian sartzen den oihana basa, burmuina bularrean taupaka, bihotza begietan sartuta, animalien mugimenduaren soinua sustraietan erroturik. Balea bat oihanaren erdian, txori batekin duen maitasun istorioa, kantuz haztatzen diren begiak.

Wilsonekin antzezlana egin eta disko ofiziala atera arte hamar urte pasa ziren.
Alice ofiziala bezain garrantzitsua izan da niretzat haren aurretik ezagututako Alice Demos delakoa, aipatutako disko ofizialaren aurrekari pirata. Ez galdetu nondik atera zen, Waits bera baino Waitszaleago den lagun batek oparitu zidan (Tom Waitsen urtebetetzea ospatzeko hitzordua jarri genuen inoiz bere etxean, whiskya eta tortilla patata gau osorako menu bakar). Gerora ezagutu ditudan doinu ofizialen bertsio biluziagoak ziren haiek, eta bazen bestelako altxorrik ere: ahotsik gabeko pieza instrumental ugari, disko ofizialean Fawn delakoan soilik islatu den ildoa. Sarritan atera izan gara demo instrumentaletan bildurik oholtzara, Waitsen erraietako zirkuaren erritmora.

Hitzen orbela zapaltzen duen soinu banda duzue hauxe, krask eta bound, pertsonon argitzalen eztanda iluna. Iluntasun osoa dagoenean ikusten delako izar gehien...
“The rain makes such a lovely sound, to those who are six feet under ground!”

Zer nahi duzue esatea ba. Waitsen iluntasunak argitzen dit niri eguna:

Zoriontsua izateko behar diren
oinarrizko gauzak dira:
komuneko papera
ur beroa
kafea.
Apur bat estutuz gero aipatuko dizut ere
dutxatu bitartean Tom Waitsen kanta bat entzutea edo
aho baten ertzeko paisaian murgiltzea ere
oso lagungarria dela.
Baina tira,
funtsean eta laburbilduz
zera nabarmenduko nuke:
une bat iraungo duen zoriontasuna
erdiesteko ezinbestekoak dira
sinatzailerik gabeko manifestuak
independentzia
doako depilazioa.

Alice bezalako disko batean imajinatzen ditut horrelako egunak, balea ajedun
baten ahotsarekin mintzo den sortzailearen kapelupean.


Oier Guillan. Orereta, 1975
Musikazalea
akiribarog.com





Creative Commons-en baimena