Kafe aleak
k&g
HITZAURREA


2008ko azaroan sortu genuen Kafea eta galletak. Diskoak elkarrekin entzun eta sortzen ziguten lilura partekatu nahi genuen. Telefonoz, internet bidez, autoan gindoazela egiten genuena egitea zen asmoa, hau da, entzundako diskoei buruz eta musikaz hitz egin, baina diskoak leku publikoan eta bolumen onean entzunda, elkarrekin eta musika lehenengo planoan jarriz. Ezagutzen ez genituen diskoak lehen aldiz entzun, eta maite genituenak entzuteko aukera eman. Ikasten jarraitu.

Diskoak guk geuk proposatzea zen hasierako asmoa, eta urte hartako azaroaren 1eko lehen saiorako geuk aukeratu genuen Slinten Spiderland. Zerbait berezia egin nahi genuen, eta Xabier Montoiari proposatu genion entzunaldiaren ondoren kontzertua egiteko. Hain gustura egon ginenez, ordutik aurrera formatu horrekin jarraitzea erabaki genuen. Bigarren saiotik aurrera, musika taldeek aukeratu dute diskoa, eta kontzertua egin dute entzunaldiaren ostean.

Egun batean formatu horren mugez hitz egiten hasi ginen. Kafea eta galletaken saioetan taldeek baino ez dute diskoa aukeratzeko beta, eta gogo handia genuen bestelako jendearekin ere zerbait egiteko: saioetara etorri direnak, kontzertuetatik ezagutzen ditugunak, gustatzen zaizkigun gauzak egiten dituzten pertsonak. Liburu bat egitea pentsatu genuen, buruan genituen pertsona horietako asko biltzeko. Esku artean duzun liburua, hain zuzen ere.

Parte hartzea nahiko genukeen pertsonen zerrenda luzea egin, eta mezuak idazten hasi ginen. Hauxe izan zen eskatu geniena eta, beraz, liburuan aurkituko duzuna: disko bat aukeratu, eta hari buruzko testu bat idazteko; nahi zuten ikuspegitik idazteko esan genien: musikala, pertsonala, politikoa, dena batera. Egin zezatela nahi zutena, karaktere kopuru baten barruan. Badakigu horrek kohesioa kentzen diola liburuari, badakigu irakurle guztiei ez zaizkiela testu guztiak gustatuko, ez zaizkiela disko guztiak gustatuko, baina gure asmoa estimatzen dugun jendea biltzea izan da hasieratik, eta ez liburu instituzionalizatu serio bat egitea.

Zerrenda luze hartako 121 pertsonaren testuak irakurriko dituzu liburu honetan. Ez daude hasieran egin genuen zerrendako guztiak, hainbat arrazoi tarteko. Bada min handia egin digun kontu bat. Emakumeak % 25 bat baino ez dira liburuan. Inguruotan ez gara asko musikaz idazten dugun emakumeak, eta orain arte idatzi ez duten emakume askori proposatu diegu liburuan parte hartzeko. Liburuan parte hartu duten emakumeen eta musikaz idazten dutenen kopurua ez da batere errealista. Kafea eta galletaken publiko gehiena emakumezkoa da, joaten garen gainerako kontzertuetako ia erdiak ere. Baina musika taldeetan, testugintzan, diskoetxeen kudeaketan, disko-dendetan eta abar emakumeek gutxiengo izaten jarraitzen dute gurean. Zer esanik ez ikuspegi feministarekin lan egiten duten pertsonek. Baina idazteko proposamenek ez dute izan guk nahiko genukeen arrakasta, eta emakumeen ezezko gehiago jaso ditugu gizonena baino. Eraldaketa feministak izan beharko luke musikaren arloan gabiltzanon erronka nagusia.

Baina orain parte hartu duten pertsonei erreparatu nahi diegu. Liburuan dauden pertsona guztiak miresten ditugu gauza batengatik edo bestearengatik. Oso pozik gaude hona bildu nahi izan dutelako, eta eskerrak eman nahi dizkiegu bihotz-bihotzez. Musikak eman digun gauzarik onena bidean egin ditugun lagunak dira.

Liburuko 121 testuak diskoen argitalpen daten arabera antolatu ditugu. Testu bakoitzaren amaieran autorearen izena eta jatorria duzu, baita gurekin edota musikarekin lotzen duen ezaugarria. Ez dago musikaririk idazleen artean, musikazaleak dira guztiak. Testu bakoitzaren bukaeran, idazleak kultur jardueraren batekin duen harremana jarri dugu, ezagutzen ez duen irakurleak koka dezan. Bestelako arloren batean jarduten badu, musikazalea jarri dugu, baina argi utzi nahi dugu elektrizista, kimikari nahiz antzerkigile izan, musikazaletasunak batzen dituela denak.

Nahiz eta behean sinatzen dugun bi pertsonak izan liburuaren lana gure gain hartu dugunok, ondoren agertuko ditugun pertsonen laguntza (laguntza hitz txikiegia da eman diguten hori adierazteko), babesa eta animoa izan ez bagenu, nekez izango zenuke bilduma hau eskutan. Inozoak gu, uste baitugu aipamentxo honekin haiekiko zorra ken dezakegula.

Ana Carlota Canok bere bizkarrean hartu du liburu osoaren eta azalaren maketazioa eta diseinua. Testuek oinarri dituzten diskoen bertsio marraztuak Jon Martinek, Alots Arregik eta Joseba Agirrezabalagak papereratu dituzte, propio libururako. Testuak orrazten ileapaintzaile bikainak izan dira Gorka Erostarbe eta Borja Goñi, estiloa finkatzeko laguntza handia eman digutenak. Eta itzulpen batzuk egin ditu Edorta Mataukok. Proiektu honekin izan duten inplikazioa erabatekoa izan da.

Eta ez ditugu aipatu gabe utzi nahi zenbait testu ilustratzeko munduko hainbat txokotatik coplyleft lizentziapean irudiak libreki erabiltzeko aukera eman diguten argazkilariak (liburuaren amaieran daude zehaztuta). Copyleft filosofiarekin bat egiten dugulako, soilik lizentzia hori zuten argazkiak bilatu eta eskatu ditugu. Halaber,  gure liburu hau, eta biltzen dituen testu eta irudi guztiak, CC-BY-SA aterkiaren azpian daude. Beraz, libreki zabal ditzakezue liburuko eduki guztiak, betiere, egilea aitortuz eta, edukia partekatu edo eraldatu nahi izanez gero, lizentzia berberarekin publikatuz.

Gainontzean, liburua posible egin duten idazle, aurrerosle eta banatzaileei ere besarkada beroa eta gure esker ona.





Ibon Rodríguez García eta Leire Lopez Ziluaga





Creative Commons-en baimena